“Ezin diot ihes egin Mirafloresi, ezin diot utzi Mirafloresi buruz idazteari”, Mario Vargas Llosari egozten zaion esaldi bat da, agidanez bere haurtzaroko eta gaztaroko une onenak eman zizkion tokiari buruz idatzia. Miraflores Ozeano Bareak bustitako hiri bat da, iragana, oraina eta geroa biltzen dituena. Mirafloresek 2.000 urtetik gorako historia du; hemen, itsasoari lotutako hiru kolonaurreko kultura bizi izan ziren elkarren segidan. Egun, XXI. mendean, gure itsaso eskuzabal eta ederrari lotuta jarraitzen dugu, gure hondartzetan XX. mendearen lehen erdialdetik. Machu Picchuren ondotik, Peruko hiri bisitatuena da Miraflores. Nazioarteko hotel kate handiak gure hirian daude. Peruko eta nazioarteko gastronomiaren onena dugu, gure ardo onenekin eta Pisco Sour famatuarekin batera.
Miraflores hiri jasangarria da; bertan, oinez ibili eta kirolak egin daitezke, parkeaz, mikromugikortasun bideez eta itsasoaren ikuspegi bikainaz gozatuz. Miraflores kultura eremu garrantzitsua da halaber: museoak, liburutegiak, antzokiak eta aire zabaleko jarduerak ditu. Peruko eta munduko enpresa garrantzitsuenek egoitza dute Mirafloresen, eta gure merkataritza eta aisialdi gunea balkoi handi bat da, itsasoari begiratzen diona, urtearen 365 egunetan olatuak hartzen dituzten ehunka surflari perutar eta atzerritarrei. XIX. mendetik bainu hiria da Miraflores, eta gure surf txapeldunak, mundukoak eta panamerikarrak, gure hondartzetatik atera ziren. Miraflores Peruko surfaren nukleoa da, eta gure hiria tematuta dago kirolariei erraztasun guztiak eskaintzeko.
SURFA MIRAFLORESEN. 40ko hamarkadaren hasieran, Carlos Dogny Larco kirolari eta ibiltari miraflorestarrak surfa ezagutu zuen aldi batez Hawaiin bizi izan zenean, eta Perura lehen oholak ekarri zituen; bost metroko luzera eta ehun kiloko pisua zuten. Mundu osoan ia ezezaguna zen kirol berri horri izena eman zion: “ohol hawaiiarra”. Dogny Mirafloresen bizi zen, Benavides etorbideko lehen etxadietan, eta ohartu zen hain justu Mirafloreseko hondartzetako uhinak egokiak zirela Hawaiiar uharteetako nobleek soilik egiten zuten kirol hori praktikatzeko.
Peru Surf Guide liburuak historia horren zati bat kontatzen du: “... orduan [Carlos Dogny] Hego Amerikara itzuli zen, itsasontzi batean ohol handi horietako bat ekarririk, agian praktikatzeko toki egokiren bat aurkituko zuelakoan. Limara iristean itsasoa aztertzen hasi zen, eta Mirafloresen olatu itxuraz egokiak ikusi zituen; proba egin, eta ondo atera zitzaion. Aurrerago, igerilari kuxkuxeroak gerturatzen omen zitzaizkion surfa egiten ari zen bitartean, eta kirol berria erakusten zien hark. Sekulako interesa zeukaten: batzuk beren egur oholak egiten ere hasi ziren, gogotsu, garajeetan egokitutako tailer batzuetan. Ez zegoenez olatuak hartu eta gero oholak uzteko tokirik, Waikiki klub ospetsua sortu zen Mirafloreseko Costa Verde zirkuituan.
Frantziako lehen surf klubaren sorkuntzan ere zerikusi handia izan zuen Carlosek, beste zenbaiten artean”. Carlos Dogny Mirafloreseko Munizipalitateko zinegotzia zen, eta 1942an terraza txiki bat erabiltzeko emakida lortu zuen. Terraza hura itsasoaren parean zegoen eta esterazko sabaia zuen. Bada, instalazio xume horretan sortu zuen egungo Waikiki klub mitikoa, Mirafloreseko eta Peruko surfaren sehaska. 50eko hamarraldiaren erdian surf txapelketak hasi ziren, bi bertsiotan: “Olatu Handia Kontikin” eta “Olatu Txikia Mirafloresen”. Olatuak hartzeko zaletasun hori, Carlos Dognyk Mirafloresen duela 80 urte hasi zuena, kirol ezaguna da egun Perun.
“Lima 2019” Panamerikar Kirol Jokoetan, Peruko surf taldeak urrezko hiru domina, zilarrezko beste hiru eta brontzezko domina bat lortu zituen, Estatu Batuen eta Brasilen mailako potentzia batzuetako surflari onenen aurka. Iraganeko eta egungo gure txapeldun asko Mirafloreseko hondartzetan hasi ziren ohol gainean, munduko parte honetan gure hondartzetan hasi baitzen surfa. Gogora dezagun surfa planetako lau tokitan garatu zela: Hawaii, Peru, Kalifornia eta Australia. Perun, Miraflores izan zen sarrera atea.