New Plymouth Taranaki probintziako hiri nagusia da. Ipar uhartearen mendebaldeko kostaldean dago (Australiari begira), Tasmaniako itsasoan. Surfa Bing Copeland eta Rick Stoner kaliforniar surflarien bisitarekin hasi zen, 50eko hamarraldiaren amaieran. Zeelanda Berrian ez zegoenez surfeko oholik, kirolak denbora behar izan zuen hazteko eta, nagusiki, Surf Life Saving Club aktiboetan garatu zen. 1964an surfeko oholen lehen fabrika ezarri zen, eta oraindik jardunean dirau.
Taranakiko lurmuturra eguraldi mota gehienetan askotariko olatuak emateko ezin hobea suertatu zen. Neguko eta udaberriko hilabeteak, ekainetik azarora bitarte, hotzak dira baina tamainako olatuak izateko onenak ere izaten dira maiz. Abendutik maiatzera bitarteko hilabeteak primerakoak dira, uraren tenperatura 17-21 gradu zentigraduen artean dagoelako. Administrazio kontseilu nazionalak New Plymouthen izan zuen egoitza 1980tik 1990era arte, eta egungo sistemetako asko ezarri zituen.
Taranakiko eskualdean bost boardrider klub daude, eta New Plymoutheko Surfriders kluba hartzen da nagusitzat. 2006an, Surfing Taranaki sortu zen, xede honekin: “surfa kirol garrantzitsu gisa posizionatzea, Taranakin guztiek egin dezaketen aisialdi eta kultur jarduera gisa, klubeko kideak sustatuz eta garatuz, maila guztietan eta Surfing Taranakiren lehiaketen, programen, ekitaldien, klub afiliatuen eta eskolen bitartez.”