Arica nazio mailan protagonista izan da askotariko egitasmoen garapenean: gizarteratzeko proiektu eta ekimenak, desgaitasuna dutenentzako programa integralak, itsas ingurumenari buruzko kontzientziazioa, bereziki, haur eta gazteentzat, eta kostaldearen lehiakortasuna handitzeko proiektuen garapena, nazioarteko bikaintasun zentro batzuen laguntzarekin.
Ekimen hauek nabarmentzen ditugu:
- Adapta Surf Chile: “Ametsak goratzen, abaguneak eraikitzen” proiektuaren bitartez, desgaitasuna duten haur eta gazteak kirolaren munduan sartzeko ametsa bete zuen Adapta Surf Chile erakundeak. Proiektuan esku hartu zuen Gobernuko Idazkaritza Nagusiaren Ministerioak ere, Gizarte Zibila Indartzeko Funtsaren bitartez. Ekimenari esker, surfeko eta bodyboard-eko tailer egokituetan parte hartu ahal izan zuten Teletoneko eta Aricako munizipalitateko desgaitasun programetako 32 haur eta gaztek. Desgaitasuna zuten haur eta gazteekin batera, Adapta Surf-ek Tarapacáko Unibertsitateko eta Santo Tomáseko Unibertsitateko 30 ikasle prestatu zituen begirale gisa, desgaitasuna duten adingabeak uretako kirol eta jolas diziplina horietan entrenatu ahal izateko.
- Aldea SOS surf soziala: gizarteratzeko proiektu hori kirola eta bizitza osasungarria sustatzeko egin zen, eta arrisku sozialean dauden haurrei abagune berriak eskaintzen die Akua Surf Eskolaren, bere ideologiaren eta uretako jardueren bitartez.
- Tortugas Marinas Seguras y en Paz proiektua: kontzientziazio ekologikoko kanpaina bat, Aricako hondartzak eta itsas dortokak zaintzeko. Ikastetxeetan eta arte ekitaldietan egin zen, Antzerki Konpainiaren, Entretete arte tailerraren, Reciclos enpresaren eta Akua Surf Eskolaren lankidetzaz.
- Centro de Observación y Manejo Costero Integrado (COMCI, kosta kudeaketako eta behaketako zentro integratua): aribideko ekimen bat da, Arica Activa Fundazioaren ardurapean. Besteak beste, helburu hauek ditu: kosta kudeatzeko eredu integral bat ezartzea; azpiegiturak diseinatzeko irizpideak estandarizatzea, jokaleku ozeanografiko berriei erantzuteko (muturreko fenomeno gehiago egongo baitira); lankidetza publiko-pribatua antolatzea; kostaldearen behaketa, monitorizazio eta zaintza integraturako sistema ezartzea; bideo kamerak jartzea eta egoeraren analisia egitea lurraldean esku hartzeko eta kostaldeko ingurumena planifikatzeko estrategiak zehazteko (kutsadura, kostaren higadura, uholdeak, kostaldearen aldaketa prozesuak, azpiegituren eragina, hondartzen dinamika, klima aldaketa, kostaren zaintza, segurtasun zibila, besteren artean). Era berean, Kudeaketa Unitate bat eratu nahi du (Bulego Teknikoa), eta hori ezartzeko profil profesionalak zehaztu. Ildo horretan, martxan dago COMCI gaitzeko eta ezartzeko programa bat, Australiako CSIRO bikaintasun zentroarekin koordinatuta. Estatuko beste dibisio batzuen artean, Obra Publikoetako Ministerioak eta Portuko Obren Zuzendaritzak (maila zentrala) sustatzen dute ekimen hori. Lehenbizi Arican proiektu pilotua egitea da haien asmoa, ondoren Txileko kostaldearen beste eremu batzuetara hedatzeko. Arican, zehazki, Arica Surf City Adimen Lehiakorreko Plataformari erantsiko zaio proiektua.