Donostia 188.240 biztanleko hiria da, Euskal Autonomia Erkidegoaren ekialdeko kostaldean. Kantauri itsaso harroak bustitzen duen hiriak hiru hondartza oso aktibo dauzka, ur kirolak praktikatzeko. Zurriola hondartza da irekiena eta surfa egiteko olatu onenak izaten ditu. Hondartza horretan, nazioarteko surf ekitaldi garrantzitsuak antolatzen dira, baita haur probak, zirkuitu nazionalak eta beste ere.
Surfa 1950eko hamarkadan hasi zen hirian, Artetxe anaiekin; ordutik, Marta Huércanos, Pablo Postigo, Iñigo Iraola, Oskar Garcia, Beñat Elosua, Kepa Alvarez, Borja Agote edo Norman Landa bezalako izen-abizen propioak Donostiako surfaren ordezkari garrantzitsuak bihurtu dira mota guztietako nazioarteko ekitaldietan.
Euskal Kostaldean surfaz gozatzeko toki ezin hobea da Donostia, kokapenari –itsas hautsi onak dituelako ordubeteko distantzian: Mundaka, Meñakotz, Punta Galea, Zarautz, Hossegor eta Angelu– eta aisialdirako eskaintza erakargarriari esker.
Surfaren ingurune honetan, nabarmentzen dira, besteak beste: Pukas, Europako hegoaldeko ohol fabrikatzaile handiena; Wave Garden, olatu artifizialen diseinuekin surfaren mundua iraultzen ari den enpresa; Trinityboardsport, ohol parabolikoak eta surfeko oholetan integratutako txipak diseinatzen dituen ingeniaritza; eta balio kateko beste enpresa batzuk, Surf industriako ordezkari taldea osatzen dutenak.