Viña del Mar 350.000 biztanleko hiri bat da, Txilen, Ozeano Barearen kostaldean. Bost hiriz osatutako metropoli handi baten parte da (Valparaíso, Concón, Quilpué, Villa Alemana eta Viña del Mar); azterlanak egitean GRAN VALPARAÍSO deritzo eremu horri, eta 1.500.000 biztanle baino gehiago ditu guztira. Hiriburutik 120 km-tara dago soilik, eta horrek publiko gatibua ematen dio industria turistikoari, beste turistez gain. Hiria 1874an sortu zen; hasieran Valparaísoko Portuaren (herrialdeko portu nagusia) logela auzo bat zen, baina egun jarduera ekonomiko handiena du bost hirien artetik, eta ostalaritzako eta hondartzetako turismoa nabarmentzen dira. Kostaldeak 30 kilometro baino gehiago ditu, eta orotariko jarduera nautikoak dauzka. SURFA gailentzen da, bai turistikoa, bai kirolekoa edo lehiaketakoa.
Hiriak kirol nautikoak egiteko lau hondartza oso aktibo ditu. “Reñaca” hondartza da ospetsuena, eta surfa egiteko olatu onenak dituena. Hondartza horretan surf ekitaldi garrantzitsuak egiten dira, hala nola zirkuitu nazionaletako eta Latinoamerika mailako probak, eta laster WSL edo PASAkoak, besteak beste.
Surf eskolak “La Boca” hondartzan aritzen dira, Reñaca hondartzatik 10 kilometro iparraldera. La Boca hondartzan 20 surf eskola baino gehiago ari dira lanean, gehienak araututa: aisialdiko surfaren eta surf trebakuntzaren kontzentrazio handiena duen hondartza da.
Surfa 80ko hamarkadan hasi zen hirian, bertako surflari gutxi batzuen eskutik, eta 90eko hamarkadan izan zuen goraldia. Egun, urautsi guztietan mila lagun baino gehiago ibiltzen dira, bodyboard, longboard, shortboard eta SUP artean. Txileko surfaren agertokian, indar handiena duten hirietako bat da Viña del Mar eta 2023ko Panamerikar Jokoetan bertan egingo dira surf probak. Santiago, Txileko hiriburua, gertu dagoenez, astebururo surflari ugari dator Viña del Marreko eta inguruetako hondartzetara.
Ia-ia 12 surf denda espezializatu daude eta jadanik ez da urtaroaren araberako kirol bat, urte osokoa baizik.