Ericeirako kosta toki bikaina da surfa egiteko, bete-betekoa eta paregabea, bere ezaugarri geografiko eta geologikoak direla eta. "São Julião" eta "Pedra Branca" arteko eremuak hondartzako eta arrezifeko urautsiak ditu, surf eskoletarako eta prestakuntza saioetarako ezin hobeak. “São Julião”, “Foz do Lizandro” eta "Matadouro" dira halako esperientzietarako erreferentziako hiru hondartzak.
Mafrako Udalaren esku hartzeak duna itzuli dio “Foz do Lizandro” hondartzari, lehen aparkaleku gisa erabiltzen zen eremu batean, eta itsas askia (Elimus farctus) ere landatu du, duna higaduraren efektuetatik babesteko. Hala, dunaren ekosisteman berezkoak diren zenbait espezie salbatu ahal izan dira, hala nola itsas armika (Eryngium maritum), dunetako esne belarra (Euphorbia paralias) eta atanazia (Otanthus maritimus L).
Ericeiratik gertuko kosta harrizko eta hareazko formazioz osatuta dago; aurretik, itsaslabar eta harkaitzek hondar edo harrixka kala txikiak inguratzen dituzte. Formazio geologiko sedimentario horiek aspaldi finkatutako duna estratuez osatuta daude, eta oso ahulak dira elementuen eta gizakiaren ekintzaren aurrean.
"Pedra Branca" eta "Ribeira d'Ilhas" arteko eremuak edertasun paregabeko itsaslabarrak ditu, eta hor dauden olatuetatik hiru primerakoak dira. “Ribeira d'Ilhas” hondartza ingurune natural ezin hobea da surf ekitaldietarako, haranaren geografia dela medio, hareazko oinarri zabala duen anfiteatro natural moduko bat baita, eta azpiegiturak dituelako (hondartzarako instalazioak eta aparkalekuak). Mafrako udalerrian, bada, erreferente argia da "Ribeira d'Ilhas".
Gainera, surferako eta beste ur kirol batzuetarako mundu osoan da erreferentea, kalitatezko erabilera bikaina eskaintzen baitu, ingurumen inpaktu eskasarekin. Hala, dagoen ekosistemaren oreka sustatzen du.
"Ribeira d'Ilhas" eta "São Lourenço" artean surf eremu autentikoena, erakargarriena eta naturalena dago. Bertan primerako olatuak aurki daitezke; surfaren hasieran bezala, gizakiaren esku hartzerik gabeak dira ia. Eremu horretan, berriz ere, itsaslabar gero eta malkartsuagoak aurki ditzakegu. Landaredia urik ezari, zoru pobreari, haizeari eta ingurunearen gazitasunari egokitu behar izan zaio, eta ezaugarri horiek ikusten zaizkio.
Landaredi hori ezinbestekoa da labarren substratu hareatsuari eusteko eta uraren parte bat atxikitzeko. Horrela, higadura murrizten da, funtsezko faktorea bat ekosistemaren oreka mantentzeko. Otea (Ulex densus W.), feniziar sabina (Juniperus phoenicia L.), helikrisoa (Helichrysum spp.), itsas mihilua (Chrithmum maritimum L.) eta beste belar-landare batzuk (Sedum sediforme (Jacq.)) dira harkaitzak estaltzen eta higaduratik eta giza ekintzatik babesten dituzten landareen adibide batzuk. Kostaldeak itsas fauna anitza du, askotariko moluskuekin. Neguan, harkaitzen barrua gordeleku ezin hobea da lupiek eta Portugalgo kostaldeko beste espezie arrunt askok arrautzak jartzeko.
Urte osoan zehar surflari eta arrantzale amateurrak ikus daitezke elkarrekin badia giro ezin hobean erabiltzen; izan ere, bai surfean bai arrantzan aritzen dira haietako asko.