Totora zalditxoaren sorlekua
Huanchaco Peruko iparraldeko kostaldean dago. Gertu dauka Trujillo, Peruko hirugarren hiri garrantzitsuena. Moche eta chimú kulturen garaian (gure aroko 100-1400 urteen artean), eskualdeko portu garrantzitsua izan zen Huanchaco.
Olatuetan zehar ibiltzearen artea duela 5.000 urte hasi zen Huanchacon, tup delakoarekin. Izen hori eman zion moche edo mochica jendeak totora zalditxoari. Aldiz, surf modernoa –edo tabla, Perun surfari esaten zaion bezala– Felipe Pomar perutarrak ISFren (International Surfing Federation) munduko surf txapelketa irabazi eta berehala hedatu zen Huanchacora. Txapelketa hori nazioarteko erakunde batek antolatutako lehena izan zen, 1965ean. https://www.facebook.com/elcomerrioperu/posts/529075077130607
Huanchacotarrek tradizio zahar horren alderdi ugari gorde dituzte: aipagarrienetako bat, totora zalditxoa erabiltzen jarraitzen dutela. Nagusiki bertako milaka urteko itsas kultura eta olatuen kalitatea zirela bide, Save The Waves koalizioak Munduko Bosgarren Surf Erreserba izendatu zuen Huanchaco. https://www.savethewaves.org/programs/world-surfing-reserves/reserves/huanchaco/
Totora zalditxoa
Peru iparraldeko antzinako biztanleek itsasontzi txiki bat eraiki zuten, arrantzarako itsasoratzen ziren bakoitzean hondartzetako olatuei arrakastaz aurre egiteko aukera ematen ziena. Ontzi hori totora izeneko ihi batekin egiten zuten (kitxuako tutura hitzetik). Uretako landare horren izen zientifikoa Scirpus californicus da eta padura eta estuarioetan hazten da berez. Huanchacon, wachaque, balsar edo totoral deritze totora hazten diren putzuei.
Felipe Pomarrek totora zalditxo bat eta nola erabiltzen den erakusten duten bideoak bidali zizkion Robin Mair hawaiiarrari. Mair, maisu oholgile entzutetsua ez ezik, itsasontzi arkitektoa eta itsas ingeniaria ere bada, eta zalditxoa aztertu eta bideoak ikusi ondoren, ohar hauek egin zituen irristatze-ontzi horri buruz: Totora zalditxoaren diseinatzaileek eraikitako ontzia rocker edo amula nabarmena du (flotazio marran popatik brankara doan kurbadura). Amulak helburu zehatz bat du: olatua hurbiltzen denean totora zalditxoari altxatzen laguntzea, eta, totora zalditxoetan hondartzara itzultzean, zalditxoaren muturra urperatu ez dadila olatuak aurrerantz bultzatzen duenean. Mairrek, era berean, azaldu zuen urautsiarengatik edo olatuengatik egin zituztela zalditxoak estuak, eta ez zabalagoak arrantzarako soilik erabiltzen diren ontziek ustez izan behar duten bezala. Orduan, zalditxoen erabiltzaileek, ezinbestean, olatuetan surf egiten amaitu zuten haietan hondartzara itzultzean.
Hainbat ikerlanek sostengatzen dituzten Mairren adierazpenak. Besteak beste, Enrique Amayo doktorearen eta ikertzailearen liburua dugu, gai horri buruzko interesa duen edonork irakurri beharreko lan bat: Amayo, E. (2016). Mar y Olas, Rito y deporte. Del Tup o Caballito de Totora a la moderna Tabla o Surf: su origen en la Costa Norte del Antiguo Perú (1500 a.C.-1532) Lima, Peru. Universidad Agraria La Molina.
Gabriel Pietrok, Yale Unibertsitateko arkeologoak, Huanchacotik gertu zuzendutako aurkikuntza arkeologikoei esker, ziur dakigu totora zalditxoak 3.500 urteko antzinatasuna duela gutxienez. Duela zenbait urte, Prietok eta haren lantaldeak Pampas de Gramaloten induskatu zuten, Huanchacotik 2 kilometro hegoaldera dagoen toki batean, eta miniaturako totora zalditxo erdi baten hondarrak aurkitu zituzten han. Belaunak eta sorbaldak higatuta zituzten hezur batzuk eta marrazo hortz batzuk ere aurkitu zituzten; arkeologoen ustez, antzinako herri horretako arrantzaleek marrazoak harrapatzen zituzten beren totora zalditxoetan. Aurkikuntzak karbono-14 bidez datatu zituztenean, 3.500 urteko antzinatasuna zutela ikusi zuten.
Olatuak
Huanchaco bi kilometrotan zehar banatutako sei olatu dituen badia handi bat da, eta oinez irits daiteke olatuetako edozeinetara.
La Poza, hondartzaren hego muturrean, iparraldeko ur goraldiek hobetzen duten olatu bat da (uda australean) eta hiru metrotik gorako altuera duten uhinak apurtu ohi dira bertan.
Sun Kellak, gaztelaniaz, “Eguzki alfer” esan nahi du, ingelesezko sun eta kitxuako kella hitzetatik. Olatuak berak, ordea, ez du nagirik: eskuin olatu bizkorra da, eta horma ere bizkor hausten da.
El Mirador-El Elio, 60ko hamarkadako surflariek hartutako lehen olatuetako bat da. Hain zuzen, Huanchacoko luzeena da, eta sekzio guztiak konektatzera iristen denean, olatuak 500 metrotik gorako ibilbidea izan dezake.
La Punta del Muelle Huanchacoko olatu onenetakoa da, batzuetan oso astuna, eta hiru metrotara irits daiteke. Ibilbidea ez du oso luzea, baina ez da olatu makala.
La Curva, ikasten ari diren edo sasoian jarri nahi duten surflarientzat olatu ezin hobea, badia barruko kaiaren eskuinaldean hausten da. Sagailo handietatik babestutako eremu bat denez, uhin txiki edo ertainak ditu.
El Boquerón, Huanchacoko beste eskuin olatua, La Poza edo La Punta del Muelle bezala, itsasbazterretik urrun hausten denean oso olatu astuna eta handia da. Horma luzea du, baina aukera ematen du maniobrak egiteko eta hodiaren alboan jarraitzeko.
Surflariak edo tablistak
Huanchacoko hondartzetatik gertu bizi direnen % 10ek baino gehiagok egiten du surfa. Egunero, arratsaldeko laurak jo eta gero, eskolako lanak bukatu dituzten haurrak eta lana bukatu duten helduak hondartzara doaz lagunekin olatuak hartzera. Oso ohikoa da surflariak ikustea, zein bere oholarekin (longboard-ak, shortboard-ak, SUPak, bodyboard-ak eta, gutxi batzuk, totora zalditxoak), elkarrekin olatuak hartzen eta partekatzen. Haien artean, badira eliteko surfa egiten duten surflari gazte oso trebeak.
Huanchacoko surflari nabarmenena, zalantzarik gabe, Benoit "Piccolo" Clemente da, bertako heroia, bitan WSLko munduko longboard txapeldun izandakoa.
Beste surflari huanchacotar handi bat Juninho Urcia da, 2017an Peruko surf txapeldun nazionala izan zena, eta oraino titulu hori irabazi duen gazteena.
Carlos “Huevito” Ucañán ere nabarmendu dezakegu: moche eta chimúen ondorengo den arrantzale bat, olatuak hartzen guztiz iaioa. Huevito Australian izan zen duela gutxi. Ekialdeko Australiako hondartzetan bere surf maila erakutsi, eta munduan olatuak zeharkatu zituen lehen irristagailua ezagutarazi zuen: totora zalditxoa.
Huanchaco La Libertad eskualdean surfa egiteko nukleo ezin hobea da, 100 km-ko erradio batean primerako hainbat olatu dituelako surf egiteko: adibidez, Chicama, Puemape eta Pacasmayo, Huanchaco iparraldean. Badira hain ezagunak izan ez arren forma, tamaina eta ibilbide ederreko beste olatu batzuk ere, hala nola Cerro Negro, Puerto Morín, La Ramada, Salaverry eta Las Delicias, Huanchaco hegoaldean.