Azken berrogeita hamar urteetan, gure hondartzen eta urautsien kontrako basakeria kontaezinak bizi izan ditugu perutar surflariek. Beharbada, 80ko hamarkadan Pablo Gutiérrezek, orduko hartan Chorrilloseko alkate zenak (Limako barrutia), egin zuen eraso maltzur eta kaltegarrienetako bat. Izan ere, La Herradurako olatua babesten duen muinoa leherrarazi zuen, La Herradura eta La Chira hondartzak lotzeko errepide bat egin nahian. Proiektua “erdibidean” geratu zen –literalki ere–, baina La Herradura suntsitu eta hango olatua eraldatu zuen. Oraindik apurtzen da olatu zoragarri hori, baina pixka bat galdu du aspaldi zuen kategoria hura. La Herradura baino lehen, 60ko hamarkadan, “La Costa Verde” proiektua eraiki zuen Eduardo Dibósek, Limako alkateak, eta horrela olatu sorta sinestezin bat zapuztu zuen Limako Miraflores barrutian; Cabo Blancon, Peru iparraldean, arrantzale kai bat eraiki zuten Peruko olatu onenetako baten ibilbidearen erdian. Abusu horien guztien ondorioz bat egin zuten surflariek, eta Peruko gobernuaren botere betearazlearekin eta legegilearekin lanean hasi ziren. Azkenean, aurrera atera ahal izan zuten 27280 Legea, kirolerako urautsi egokiak babesten dituena.
http://panorama.solutions/sites/default/files/regulation_to_surf_break_protection_law.pdf
Chicamaren atzetik, Huanchaco izan zen Urautsien Erregistro Nazionalean (RENARO) inskribatu zen Peruko bigarren hondartza, legeak eskaintzen dituen abantailez baliatzeko.
Huanchacoren hegoaldean, Salaverryko portuaren eraikuntzak, 60ko hamarkadaren hasieran, eragin larria izan zuen perutar korronteak hegoaldetik iparraldera daraman harea fluxuan. Ondorioz, Salaverrytik iparraldera dauden bainu hirietan drastikoki desagertu dira hondartzak; izan ere, Salaverryn morruak jarri zituzten harea atxikitzeko, itsas hondoa hareaz bete ez dadin eta zingo handiagoko itsasontziak han porturatu ahal izan daitezen, baina morru horiexek kostaldea higatu dute.
Trujilloko probintziako jendearen presioak arazo larri horren konponbidea bilatzen jarri du gobernua. 27280 Legearen arabera, lehen kontuan hartzen ziren zenbait soluzio ez dira bideragarriak, hala nola morru edo kai muturrak eraikitzea. Horregatik, gobernuak bertan behera utzi du Trujilloko probintziaren kostaldean zehar 21 morru eraikitzea aurreikusten zuen proiektu bat.
Trujilloko agintariak eta, oro har, komunitatea morruak edo kai muturrak eraikitzen dituen edozein konponbideren kontra daude, ongi baitakite halako soluzioak ez direla onenak eta azkenean, porrot egin, eta hondartzen eta olatuen edertasunari kalte egiten dietela.