Peruko gobernuak, PROMPERU erakundearen bitartez, “Ruta Moche” izeneko ibilbidea jarri zuen martxan duela zenbait urte, La Libertad eta Lambayeque eskualdeetara turista gehiago erakartzeko. Alboz albo dauden bi eskualde horiek hainbat toki interesgarri dituzte bisitarientzat: badira tenpluak, adibidez, Huacas del Sol y de la Luna Mochen; Huaca Cao Viejo La Libertaden eta Huacas de Túcume Lambayequen; eta baita lehen mailako museoak ere, hala nola Tumbas Reales de Sipán museoa, Lambayequen. Gainera, Peruko eta nazioarteko sukaldaritza bikaina eta kalitate oneko olatu etengabeak dituzten hondartza ederrak ere eskaintzen dituzte bi eskualdeek.
Huanchaco izan da programa horretan eredugarri. Gure hondartzara datorren turista kopurua nabarmen hazi da azken hamar bat urteetan. Munduko Surf Erreserba den komunitate bakarra da Perun, eta lehena Latinoamerikan, eta, horregatik, surfa egiteko helmuga bihurtu da Huanchaco. Hondartza, gainera, Trujillotik oso gertu dago; erregeordetzako laugarren hiri garrantzitsuena izandakoa, Peruko hiri jorienetakoa da egun. Chan-Chan, behinola Chimú inperioko hiriburu izandakoa, Huanchacotik eta Trujillotik kilometro gutxi batzuetara dago. Huaca del Sol eta Huaca de La Luna tenpluak Huanchacotik 20 kilometrotara daude, hego ekialderantz. Kokaleku estrategikoa duenez, Huanchaco toki ezin hobea da Trujillo ingurua bisitatu nahi izanez gero. Huanchacoko agintari eta enpresariak oso pozik daude Huanchaco Munduko Surf Hirien Sarean sartu delako, eta ziur daude “estatus” berri hori lagungarria izango dela komunitate zahar eta harrigarri honetara datorren turista kopurua handitzeko.
Huanchacoko hotelen edukiera mila ohe inguruan dabil, eta barrutiak jatetxe ugari ditu, gastronomia perutarraren eta nazioartekoaren aukera bikaina eskaintzen dutenak.
Berriki, azken belaunaldiko zaintza ekipoak dituen segurtasun zentro bat ireki zuen Huanchacoko munizipalitateak. Hartara, bizkor eta eraginkortasunez erantzun ahal izango du Huanchacoko biztanleen edo bisitarien osotasuna edo segurtasuna arriskuan jartzen duen gertaerarik bada. Ekipamendu horiek une oro egongo dira martxan, herritarren zerbitzura.