60ko hamarkadan, ekitaldi txalotuenetako bat "Totora zalditxoen estropada" zen. Garai hartan, orain “Ruta Moche” deritzon ibilbideko kala txiki askotan totora zalditxoa erabiltzen zen oraindik lanerako eta dibertitzeko. Eten, Santa Rosa eta Pimentel (Lambayeque) moche herri zaharretako arrantzaleak Huanchacora etortzen ziren zenbait egunez ekitaldi horretan parte hartzera, huanchacotarrekin eta Puemapeko eta Pacasmayoko arrantzaleekin batera. Askotariko lehiaketak egiten ziren: banaka eta erreleboan arraun egitea, olatuak zeharkatzea, zalditxoaren gainean itzulipurdiak egitea, arrantza, eta beste. Huanchaco festa bihurtzen zen eta oso polita zen aspaldiko moche herriaren ondorengoak dibertitzen ikustea, haien arbasoak ziur ere dibertitzen ziren bezala. Huanchacoko Surf City berriak kontuan hartu du halako ekitaldiak berriz ere martxan jartzea, tradizioa bizirik mantentzeko, ez soilik Huanchacon, baizik eta baita aipatu diren kala txikietan ere.
Ondoren, 80ko hamarkadaren amaieran eta 90ekoaren hasieran, “Festival del Mar” eta “Pescadores de Olas” jaialdiek 60ko hamarkadako estropada batzuk berreskuratu zituzten. Lehena Huanchacoko Munduko Surf Erreserbaren enbaxadoreari eta babesleari bururatu zitzaion, Felipe Pomarri, eta harreman ona zuenez garai hartako surflari nabarmenekin, jaialdian parte hartu zuten, besteak beste, Marvin Foster, Bobby Owens eta Mark Foo hawaiiarrek eta Ronnie Burns estatubatuarrak.
2010. urteaz geroztik, Repalsa Longboard Pro txapelketaren anfitrioia izan da Huanchaco. Dibisio horretan Hego Amerikako lehiaketa garrantzitsuena da. Datorren urtean, lehen aldiz, WSL QS Open txapelketa garrantzitsu baten egoitza izango da Huanchaco, eta bertan bilduko dira eskualdeko surflari onenak, munduko WSL zirkuituan sartzeko puntuak metatu nahian.
International Surfing Association (ISA) elkarteak, 2013ko irailean, Huanchacon antolatu zuen ISAren munduko lehen longboard txapelketa. Maiz egiten dira surf txapelketak Huanchacon, latinoamerikarrak, nazionalak, eskualdekoak nahiz tokikoak, olatuen kontsistentziak eta kalitateak lehiaketa arrakastatsuak bermatzen dituelako.